Denboraren poderioz, gero eta gehiago luzatzen da bizitza. Behin, nire aitak entzun zuen beti errepikatzen duen gauza bat: Urtero lau urte luzatzen da gure bizi-itxaropena; Hasieran, guztiok gezurra dela pentsatu arren, ez dakit zein kontu egiten dituen nire aitak azkenean lortzen baitu bere baieztapena egiaztatzea.
Dena den, nahiz eta gero eta gehiago bizi garen, zeintzuk dira bizi-baldintzak? Egoeraren arabera zahartzaroa izan daiteke bizitzaren momentu goxoena, edo justu kontrakoa, mikatzena. Nik etxean ikusi dudanagatik esango nuke ez dela batere erraza zaharra izatea. Nire aitona-amona guztiek oso luzeak diren gaixotasunak pairatu dituzte, zein baino zein gogorragoa. Esate baterako, nire amaren aita alzehimerrak jota hil zen, eta amak 11 urte pasatu zituen tronbosiz-tronbosi.
Nire aburuz, gaur egun botikarekin lortzen ari dena ez da gizalegea. Oso argi gogoratzen dut nire amonaren hiltzeko gogoa, gorputza eta burua ez baitzebiltzan biak batera. Azken urtean errepikatzen zuen gauza bakarra hauxe zen: etxera joan nahi dut hiltzera. Zertarako eman egun gehiago ospitalean bertan? Ez du zentzu handirik bizitza luzatzea ohetik jaiki ezin bazara, eta gainera, oroimenik eta zentzumenik gabe bazaude. Esatea gordina izan arren, momentu horretan haragin puxka bat baino ez gara. Bai gaixorik dagoenak, edo bestela, senideek, estatuaren laguntzarekin, gai izan behar dute erremediorik ez duten egoerak momentu egokienean mozteko; gehiegi luzatu gabe, eta noski, gaixorik dagoenak min handia jasan baino lehen. Ez da lan erraza, zalantarik gabe; horregatik, nire ustez, txikitatik, bai zahartzoari buruz, bai heriotzaren inguruan normaltasun osoz hitz egin beharko genuke.
Argi dago, zahartzaroari dagokienez ezin dugula asmatu ea zein izango den gure etorkizuna. Edo, akaso, gure aitona-amonek pentsa zezaketen gehienak egoitza batean hilko zirela? Bere belaunaldiko askok gurasoak zaindu zituzten etxean; horregatik, haiek, seguraski, gauza bera gertatuko zitzaiela pentsatuko zuten. Hala ere, erabat aldatu da bizimodua, eta horren ondorioz gaur egungo familiek ezin dute pertsona bat euren menpe izan, askotan, zaharra egoitza batera eramatea da konponbide bakarra. Horren harira, esan behar dugu jarreraren arabera gaizki edo ongi moldatuko garela egoitzaren bizimodura. Derrigorrezkoa da bizitzaren azken urteak han emango ditugula onartzea, hain zuzen, zenbat eta lehenago onartu, orduan eta hobeto.
Nik uste dut ez duela ezertarako balio hainbeste botika erabiltzeak bizitza luzatzeko, burua zaintzeko zerbait asmatu ezean. Arestian esan dudan bezala, gorputzak eta buruak elkarrekin joan behar dute, bestela, zertarako??
No hay comentarios:
Publicar un comentario